XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zorionez alde batera salto egiteko parada izan zuen gazteak, eta hain ongi neurtu zituen distantziak, aizkorari paretik pasatzerakoan kirtenetik heldu eta bide beretik itzuli baitzion jabeari.

Kolpeak hain ustekabean harrapatu zuenez, Panterak ez zuen betarik izan makurtzeko edo besoarekin aurpegia babesteko, eta armaren ahoa bi begien erdian hondoratu zen buru hezurra erdibituz.

Basatiak jauzi bat egin zuen bere etsaiaren kontra jaurtiki nahian bezala; baina hilik, lurrera erori zen zurrun.

- Mingoak beren anaiarengana hurbildu ziren, erasotzaileaz erabat ahazturik, eta honek, hango nahastea aprobetxatuz, basahuntza bezain arin ihes egin zuen.

Bizkor ihes egin bazuen ere, ez pentsa Deerslayerrek nondik nora zebilen ez zekienik.

Paseiatzen ibili zen ordu hartan, badaezpada ongi miatu zituen inguruak ahalegin aursart bati ekinda ere nora jo jakiteko.

Lehengo arrakasta bat-bateko erabakiari eta bere buru argiak izterrak bide onetik eramateari esker izan zen.

Honela zeharkatu ahal izan zuen zentinelen hesia, hauen belarrietara lehen oihua iritsi baino lehen.

Zegoeneko balen txistu soinua entzuten zen bere atzean, lasterka bizian oihan sarrian zehar zihoanean; baina ez zen bertan ezkutatu, burugabekeria barkaezina izango baitzen hori egin izan balu.

Gertuko mendi baterantz abiatu zen, eta gain horretatik, beheko lautadan gertatzen ari zen guztia ikusi, eta zeruak zartatzerainoko uluak jaurtikiz bere bila zebiltzan etsaiak zaintzen zituen.

Gailurrera heldu zenean gordeleku baten bila hasi zen, eta eroritako zuhaitz hutsal bat besterik ez zuen aurkitu.

Basatiek aurreraka jarraitzen zuten, baina bilatu nahi zutena bistatik galdu zutenean tiro egiteari utzi zioten.

Halako batean ehiztaria ikusi zuten gailurrean, estatua bat balitz bezain tente.

Agerpen hau pozezko ulu basatiekin agurtu zuten mingoek, eta abiada bizkortu zuten, mendiaren beste maldatik ihes egingo ote zien beldur, eta aldapan gora igotzeko trabarik ez izatearren armak erdibidean jaurtiki zituzten.